|
Getting your Trinity Audio player ready...
|
Serra familiaren etxean, Gabonetan beti ohitura berak izaten zituzten. Aitonak jaiotza jartzen zuen, bere mando herrenarekin; amonak etxeko turroiak egiten zituen; eta amak munduko galets-zoparik goxoena prestatzen zuen. Galets direlakoak pasta-maskor handiak dira, Kataluniako Gabonetako saldan jaten dituztenak.
Baina urte hartan… zerbait gaizki atera zen.
Abenduaren 24ko goizean, amak despentsa ireki eta oihu egin zuen:
— Ezin da izan! Pasta-maskorrak bukatu dira!
Aitona, jaiotzako izarra jartzen ari zena, ia aulkitxotik erori zen.
— Pasta-maskorrik gabe ez dago Gabonik! —esan zuen, harrituta.
Ama auzoko dendara joan zen presaka. Dendariak azaldu zion aste hartan denek galetsak erosi zituztela, eta fideoak baino ez zitzaizkiola geratzen. Fideoak! Gabonetarako!
— Ez, ez… Ezin da izan —marmar egiten zuen amak etxerako bidean, burua kezkaz beteta eta poltsa erdi hutsik.
Etxera iristean, Nilek eta Marionak kezkatuta ikusi zuten, eta zer gertatzen zen galdetu zioten.
— Ez dugu pasta-maskorrik zoparako… —esan zuen hasperenka.
Mariona oso praktikoa zen.
— Bada, izar-zopa egingo dugu! Gabonak dira, ezta?
Nilek gehitu zuen:
— Edo forma berriak asmatu! Galletak egiteko moldeekin pasta moztu dezakegu!
Aitonak, hurbiletik entzuten ari zenak, irribarre egin zuen.
— Hori bai Gabon desberdinak izango liratekeela.
Eta lanean hasi ziren. Barre eta irin artean, bihotzak, izarrak, arrainak eta Tió enbor txiki bat ere egin zituzten pastarekin. Amonak, pozik, egosten lagundu zien. Amak, oraindik zalantza apur batekin, munduko maitasun guztiarekin prestatu zuen salda.
Mahaira eseri zirenean, zopak usain zoragarria zuen. Eta dastatu zutenean… inoiz jan zuten zoparik goxoena zen!
— Agian ez dira galetsak —esan zuen amak, irribarrez—, baina zaporea berdina da.
— Ez, hobea da! —esan zuen Marionak—. Familia-zaporea dauka!
Denek barre egin zuten, eta aitonak edalontzia altxatu zuen.
— Ez dadila inoiz pasta-maskorrik falta! Baina falta bada, ez dadila irudimenik falta!
Urte hartatik aurrera, Serra familiaren Gabonetako zopak forma desberdinak izaten ditu. Izan ere, pastaren forma baino garrantzitsuagoa da barruan jartzen dutena: maitasuna, poza eta familiako bihurrikeria pixka bat.


