|
Getting your Trinity Audio player ready...
|
Alemaniako Gabonetako ipuin bat
Bazen behin Clara izeneko neskatila bat, elurrez estalitako hiri eder batean bizi zena. Gabon gaua zen, eta haren etxean jai handia egiten ari ziren: musika, gonbidatu ugari eta argiz eta apaingarriz betetako Gabonetako zuhaitz erraldoia zeuden.
Osaba Drosselmeyer gizon misteriotsua eta magikoa zen. Opari berezia egin zion Clarari: soldadu itxurako intxaur-hauskailu bat. Soldadutxoa sendoa eta dotorea zen, irribarre handikoa, eta kolore biziko uniformea zeraman. Clara liluratuta geratu zen. Bere altxor berria izango zen!
Gau hartan, denak joan eta etxea lasaitu zenean, Clarak zuhaitzaren ondoan jarri zuen intxaur-hauskailua, eta lotara joan zen. Baina gauerdian zerbait harrigarria gertatu zen: Gabonetako zuhaitza hazten hasi zen! Gero eta handiagoa egiten zen, sabairaino iritsi arte. Bat-batean, azpiko jostailu guztiak mugitzen hasi ziren, magiaz bezala.
Intxaur-hauskailua, orain mutil baten neurrikoa, bizirik zegoen!
— Clara, Clara! Zure laguntza behar dut! —esan zuen.
Neskatilak harrituta ireki zituen begiak.
— Zer gertatzen da?
Intxaur-hauskailuak azaldu zion saguen errege gaiztoak jostailu guztiak eta Gabonetako magia lapurtu nahi zituela.
Orduan, saguen erregea agertu zen, zazpi koroa buruan eta sagu erraldoien armada atzean zuela. Intxaur-hauskailua ez zen beldurtu. Ezpata hartu, eta Clararen eta jostailuzko soldaduen laguntzaz ausart borrokatu zen. Clarak, adorez beterik, zapata bat jaurti zion saguen erregeari. Erregea ipurdiz erori eta ihesi joan zen, bere armada atzetik zuela.
Dena amaitu zenean, intxaur-hauskailuak Clarari begiratu eta irribarre egin zion.
— Gabonak salbatu dituzu!
Une hartan, beste zerbait magikoa gertatu zen: intxaur-hauskailua benetako printze bihurtu zen! Eskutik heldu zion Clarari.
— Orain zatoz nirekin nire erresumara!
Gozokiz egindako lera batera igo, eta Gozokien Erresumara hegan joan ziren. Han azukrezko gazteluak, txokolatezko loreak eta gelatinazko aintzirak zeuden. Clarak Gozokien erregina ezagutu zuen. Erreginak dantza-ikuskizun ederra eskaini zuen neskaren ausardia ospatzeko.
Jaia amaitu zenean, Clara goxo-goxo lokartu zen. Hurrengo goizean bere etxean esnatu zen, Gabonetako zuhaitzaren azpian, intxaur-hauskailua eskuetan zuela. Dena ametsa izan ote zen? Ez zekien… Baina soldadutxoari begiratu zionean, inoiz baino irribarre handiagoa zuela iruditu zitzaion.


