|
Getting your Trinity Audio player ready...
|
Durro Alta Ribagorçako herri ederra da, harrizko etxeak eta arbelezko teilatuak dituena. Urtero, Gabonak iristen zirenean, bizilagunek argiz eta girlandaz apaintzen zuten plaza nagusia. Erdian zuhaitz handi bat jartzen zuten. Baina urte hartan zerbait oso berezia gertatzear zegoen.
Maria, neskatila jakin-min handikoa eta ameslaria, herriko etxetxo batean bizi zen. Irrikaz itxaroten zuen zuhaitzaren puntan izarra jartzeko unea. Herriko kondairak zioenez, kanpandorre erromanikotik ikusten zen izar hark desio bat betetzen zion ilusioz begiratzen zionari.
Neguko iluntze batean, elur-malutak harrizko kaleetara astiro erortzen ari zirela, bizilagunak izarra jartzeko elkartu ziren. Baina kutxa irekitzean, izarra hautsita zegoela ikusi zuten! Denak etsita geratu ziren. Herriko haurrak triste jarri ziren: Durroko zeruan distira ikusteko zain zeuden.
Lagunak eta bizilagunak hain goibel ikusita, Mariak zerbait egitea erabaki zuen. Ezin ziren Gabonetako izarraren magiarik gabe geratu! Elurrez estalitako kale estuetatik etxera joan zen korrika, izar berri bat egiteko materialen bila. Sukaldean bilatu zuen, despentsan, baita aitonaren lantegi zaharrean ere. Baina ez zuen izar apurtua ordezkatzeko ezer aurkitzen.
Azkenean, leihoaren ondoan eseri zen, elurra erortzen ikustera. Eta ideia bat bururatu zitzaion! Marrazki-koadernoa hartu eta izar berri bat marrazten hasi zen: bakarra, berezia. Aitonaren lantegian aurkitutako urre-koloreko paperarekin izarra moztu zuen, kontu handiz. Heldu baten laguntzaz, argia islatzeko ispilu-zatitxoak itsatsi zizkion.
Izarra bukatutakoan, ilusioz beterik itzuli zen plazara. Bizilagunek harrituta begiratu zioten. Eskailera sendo bati eusten zioten bitartean, Mariak bere paperezko izarra zuhaitzaren puntan jartzen lagundu zuen, hotzak eta urduritasunak eskuak apur bat dardarka zituela.
Une batez, isiltasuna nagusitu zen plazan. Paperezko izar txiki hark betiko izarrak bezainbeste argituko ote zuen gaua? Orduan, mendietatik haize leuna iritsi zen. Mariaren izarreko ispilu-zatitxoek harrizko etxeen artean zintzilik zeuden Gabonetako argiak islatu zituzten.
Izar berria argi epel eta magiko batez distiratzen hasi zen. Denen bihotzak pozez eta itxaropenez bete ziren. Haurrek txalo egin zuten, eta bizilagunek, hunkituta, irribarre egin zuten. Durroko plaza magiaz bete zen. Ulertu zuten benetako Gabonetako izarra ez zela gauza hutsa: bakoitzak bihotzean daraman argia ere bazela.
Gabon haietan Mariak ikasi zuen gauzak espero bezala ateratzen ez direnean sormena eta maitasuna erabil ditzakegula zerbait are bereziagoa egiteko. Paperezko izarra Durroko Gabonen ikur berri bihurtu zen: irudimen handiarekin eta magia apur batekin ustekabe zoragarriak sor daitezkeela gogorarazten zuen.
Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan!


